XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

UPNk Alliren erasoei erantzunez ekin dio hauteskunde kanpainari

Jose Maria Aznar Iruñera etorri zen Miguel Sanzi arnasa ematera

Jose Maria Aznar Espainiako PPko burua Iruñean egon zen atzo, UPNko hautagaiei sustengua adierazteko.

Miguel Sanz UPNko zerrendaburuak Juan Cruz Alliren erasoei erantzunez ekin zion hauteskunde kanpainaurrean: ukatu egin zuen UPN inoren sukurtsala dela eta Nafarroako gobernuburua transfuga dela esan zuen.

A. UNANUE/IRUÑEA

Aznar eguerdian iritsi zen Iruñera, berez UPNk eta PPk duela lau urte izenpetu zuten hitzarmenaz hitz egiteko, baina bisitaldia hauteskunde kanpainari hasiera emateko aprobetxatu zuen Jesus Aizpunen alderdiak.

UPNko hautagaiak sustatzeko egin zuten ekitaldian nagusi izan ziren Allik sortu berri duen alderdiari buruzko aipamenak.

Horrela, Aizpunek ukatu egin zuen UPN PPren sukurtsala dela.

Hori diotenak (Allik) sinatu zuen UPN-PP bategitea.

Jakina, hitzarmena ona zen orduan, berari Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eskuratzeko komeni zitzaionean eta txarra orain, berari kalte egiten dionean.

Guri bost axola zer dioen Allik.

UPNk hitzarmenak bete egiten ditu eta, gainera, honek ez digu inolako arazorik sortzen, UPNk erabateko askatasuna duelako Nafarroan, adierazi zuen UPNko lehendakariak.

Miguel Sanzek, urduri samar (bost aldiz trabatu zen patrimonializar hitza zuzen ahoskatzeko ahaleginetan), ideia berari heldu zion.

Gezurtatu egin zuen UPN Aznarren alderdiaren menpe dagoela eta PPk Espainiarako duen proiektuarekin bat datorrela gehitu zuen.

Ondoren Alliri zuzendu zizkion gezi guztiak.

Sanzek esan zuenez, Alli transfuga da.

Lehendakaritza UPNri esker eskuratu bazuen ere alderdi hori utzi ondoren karguari eutsi egin diolako.

UPNko lehendakariaren arabera, Allik bere egin nahi ditu UPNren lorpenak, baina ez du inor engainatuko.

Nafarroako Gobernua UPNrena da eta sailburu guztiak alderdi honetan jarraitzen dute.

Ildo beretik, CDN alderdi berria erabat pertsonala dela eta etorkizunerako proiekturik ez duela aipatu zuen Sanzek.

Indarkeriaren inguruan anbiguotasunez jokatu izana leporatu zion Alliri.

Azkenik, PP Nafarroan UPNren menpe dagoela azpimarratu nahi izan zuen Aznarrek: Nafarroan UPNren esanetara dagoen militante apal bat besterik ez naiz, UPN baita nire alderdia Nafarroan, azaldu eta PPk Nafarroaren nortasuna eta foruak errespetatuko dituela gehitu zuen.

UPNren eta PPren hitzarmenari dagokionez, hori berretsi beharrik ez dagoela esan zuen, horretan emaitza onak ematen ari omen delako.

UPNko hautagaiekin argazki ugari atera ondoren, Madrilera itzuli zen Aznar.

Sanzek uko egin dio jendaurrean Allirekin aurrez aurre eztabaidatzeari.

UPNko zerrendaburuak atzo esan zuenez, ez dauka zertan eztabaidatu Parlamentuan ordezkaririk ez duen alderdi bateko hautagaiarekin.